XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Desesperatuki egiten dute larrutan, bata bestearengandik askatu nahi eta ezin bailuen.

Julia lurrerantz makurtzen den arte.

Bekokiaz Iñaki Abaituaren bekokia ukitu ondoren, albo batera irristatzen da eta oso ondo, mutikote, oso ondo esaten du, bi aldiz, dioena azpimarratzeko, irribarrez.

Lurrean etzanda geratu dira, paperez inguratuta.

Juliak gabardinaren paparra lotzen du esku batez, besteaz bi faldoiak izter artean gordetzen dituelarik, bat-batean hotza sentitu balu bezala.

Iñaki Abaituak brageta ixten du, eta bi eskuak gordetzen, izter artean berak ere.

Bi eskuak izter artean, hotzak balego bezala.

Behin fusilatuei pixa irteten zaie esan zuen Juliarekin amodioa egin ondoren, eskuak izter artean orduan ere, zakila babesten.

Beste behin izan zen hori, ordea.

Oraingoan isilik dirau lurrean, zangoak bilduta.

Juliak hitz egiten du: gabardinaren lepoa lotu eta urrutiegi joan naiz esaten du.

Iñaki Abaituak ez dio erantzuten.

Belaunikatu eta paper biltzen hasi da Julia.

- Zer da hau guztia?

Iñaki Abaituak lurrean sakabanaturik geratu diren orriei begiratzen die; gero, Juliak besoa altxatuz erakusten dion folio zimurtuari.

Hobeto ikusteko itxura eginez, gorputza aurreratzen du, beharrik ez izan arren, ongi baitaki Marietta baten erretratuaren fotokopia erakusten ari zaiola.

Ez du deus erantzuten, Juliak airean beste paper bat astinduz galdera bera egiten badio ere.

-Paperak esaten du azkenean.

Besaulkian eseri da, eta bi eskuez aurpegia estaliz erantzuten du, oso nekaturik bailegoen.

Paperak.